XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Etorkizunaren zutabe

Apirilaren amaiera eta maiatzaren hasieran jarriko dira abian eskolarteko txapelketak

Eskolarteko Bertsolari Txapelketak hastear daude, Ikastetxeetan bertsolaritzaren inguruan egiten den lanaren emaitzak agertzen dira txapelketa horietan. Ahozkotasunaren presentzia gero eta handiagoa da Ikastetxeetako ikasmaterialean. Orokorrean bertsogintzan nabarmentzen diren gazteak beste alor batzuetan ere nabarmentzen dira.

GIPUZPOAKO IKASTOLEN ELKARTEAK 1982an ekin zion bertsolaritza Ikastetxeetan lantzeari Gipuzkoako Foru Aldundiarekin duen hitzarmena dela medio.

Mikel Mendizabal bertsolaria da ikastetxeetan egiten den lan horren koordinatzailea.

Ahal dela D ereduan dabiltzan ikastetxe guztietara iristea dugu helburu Jon Lopategi izan zen hurrengo ikasturtean Bizkaian zeregin horri ekin ziona.

Lan horren emaitzak agirikoak dira oso. Azkenengo eskolarteko txapelketetan izan den mailari begiratzea baino ez dago horretaz jabetzeko.

Hamazortzi urtetik beherako gazteek txapelketa dela-eta eskaintzen dituzten saioek maila aipagarria eskaini dute azken urteetan.

Bertso idatzien alorrean 1.700 parte hartzaile inguru izaten dituzte, eta bat-batekoan 70-80.

Aldaketarik nabaritu du Mikel Mendizabalek parte hartzaileen kopuruari eta parte hartzaileen mailari dagokionez. Gero eta kualifikatuagoa da. Parte hartzaileak masiboki ez bidaltzeko eskatzen zaie eskoletako arduradunei. Hor izan dira oso bertsolari sorta onak, duela 15 urte inguru Sarasua anaiak, Euzkitze, Aristorena, gero Bizkaian Elortza eta Iturriaga... Besteengandik nabarmentzen ziren elementu solteak ziren. orain kalitatea orokorrean igo da.

Jon Lopategi eta Mikel Mendizabal, Seguran, 1996an, Bertsolari Gazteen Topaketetan.

Bizkaiko eskolarteko txapelketa Bilbon amaituko da.

Jon Lopategik bertsolari gazteen maila azpimarratzen du.

Bilboko finalean 18 urte artekoen mailan eta 14 urtetik beherakoen mailan bertsotan dotore egiten dutenak entzun ahal izango dira. Hori ziurtatuta dago.

Ikastetxeetako lana Gipuzkoan hasi eta Bizkaira hedatu zen gero. Araban, Iparraldean eta Nafarroan ere asko sakondu dute alor hori.

Hala ere, Mikel Mendizabalek dio bakoitza bere aldetik doala, eta hori dela normalena. Lurralde bakoitzeko egoera oso ezberdina da eta plangintza orokor bat ezartzea ez litzateke erraza izango.

Mikel Mendizabalek koordinatzaile lanak egiten ditu, esan bezala.

Ikastetxe bakoitzean irakasle bat arduratzen da ahozkotasunaren ildo nagusiak ikasleei azaltzeaz.

Jon Lopategik Bizkaiko bertsolari gazteen laguntza izaten du gazteen lehenengo urrats horiek gidatzeko unean; berak bat-bateko lanetan hasten direnean hartzen ditu.

Sistema horrekin bat-batean ari direnen kalitatea hobetu egin da, muxikar bertsolariaren ustetan.

Ikasmaterialetan ahozkotasunaren presentzia handiagoa Txikitatik jartzen dituzte haurrak bertsogintzarekin harremanetan.

Urteak aurrera joan ahala ikasmaterialean ere aurrera egin dute. Lehen hezkuntzako lehenengo mailatik hasi eta bigarren hezkuntzako lehen zikloko materialak osatu dira, eta, horietan, nolabaiteko progresioa eramanez, txertatuta daude ahozkotasunaren berezitasunak. Ez dugu bertsogintzan bakarrik geratu nahi izan, ahozkotasuna zabalago hartu nahi izan dugu: kantu zaharrak, esaerak....

Irakasleen lana errazteko balio izan du horrek, Mendizabalen hitzetan.

Orain bertsolaritza lantzeko orduan gainontzeko gaiak azaltzen diren testuliburuan landu ahal izango baitu bertsolaritza.

Ez zen gauza bera gertatzen lehenago.

Materiala lehen ere bazegoen, Ostatu Txikia, Bertso Trena eta abar, baina horrek irakasleari beti eskatzen zion ahalegin bat gehiago. Orain ahozkotasunaren gutxieneko elementu horiek klasean erabili ohi den liburu berean baititu.

Ikerketa zientifikorik ez da egin oraindik, baina, beste irakasle batzuekin hitz egin eta gero ateratako ondorioen arabera, bertsogintzan dabiltzan ikasleak orokorrean beste gaietan ere ondo aritzen direla dio Mendizabalek, baita kirolean bertan ere. Ez dago ikerketa zientifikorik, baina badauzkagu gauzatxo batzuk esaten digutenak bertsogintzan erreflexu onak erakusten dituenak beste alorretan ere erreflexu onak dituela.

Jon Lopategik galdetu gabe plazaratzen du gai hori. Gazteak zeregin guztiei aurre egin ezinda aukeratu beharrean egoten direla dio. Sarritan gure etsairik handienak gazteen beste zaletasunak izaten dira, futbola, musika, pilota... Normalean bertsolaritzan nabarmentzen diren gazteak beste ekintzetan ere nabarmendu egiten dira